Oiartzun natura da. Ez edozein natura: bizirik dagoen natura. Nafarroako usaina duena, basoetan aintzinako istorio magikoak gordetzen dituena. Ehunka baserri eta mendi magal dituena, bere baitan bailara oso bat dena: auzoak eta kaxkoak, errekak eta kaleak, horietan galdu eta norbera aurkitzeko egokia. Oiartzun handia da, zabala, egun batean osorik ibili ezin dena: Ergoienek Aritxulegira garamatza, Arritxulo aterperaino. Altzibartik eta Karrikatik, aldiz, Bianditzera eta Artikutzara iritsiko gara. Iturriotzek Torre etxea edo Makutxo baserria bezalako etxe ikusgarriak ditu. Gurutzek Aiako Harriari eta Bidasoari begiratzen dio. Ugaldetxotik eta Arraguatik Oiartzun ibaiari jarraitzen diogu Oarsoaldean barrena…















