Datorren maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Data berezi hau aprobetxatuz, gure kultura, historia eta ingurunea ezagutzera animatu nahi zaitugu, Oarsoaldean ditugun museo ugarien bitartez.
Arditurriko meatze-gunea (Oiartzun): Sar zaitez meatze-barruti zoragarri honen historiaren sakonean. Ezagutu ia 2.000 urtez martxan egon diren galeriak eta Interpretazio Zentro bihurtutako laborategi zaharra. Museoen nazioarteko eguna dela eta, larunbat honetan bisita guztiak doan izango dira.

Luberri, geologia museoa (Oiartzun): Ezagutu ezazu Oiartzungo bailarako eta Euskal Herri osoko historia geologikoa, eta aurkitu inguru horretan bildutako fosilen erregistro zabala. Maiatzaren 18an museoa bisitatu ahal izango duzu doako sarrera batekin, bisita gidatua barne.
Soinuenea, Herri Musikaren Txokoa (Oiartzun): Bisita ezazu Euskal Herriko eta mundu osoko 400 instrumentu baino gehiagorekin osatutako erakusketa. Museoen nazioarteko egun hau bost kontinenteetako erritmoen doinuak dantzatzen ospatu ezazu. Museora sarrera eta bisitaldian audio gida zerbitzua doakoa izango da egun honetan.

Arizmendienea Etxe-Museoa (Oiartzun): XVIII. mendeko eraikin hau XX. mende hasierako euskal burgesiaren opor-etxebizitzaren adibide garbia da. Gelaz gela, Garai hartako portaera sozialak ulertu eta eguneroko bizitzaren ezaugarriak eta historiako hainbat pasarte ezagutu itzazu. Maiatzaren 18an, larunbatero bezala, doako bisita gidatua eskainiko da.

Fanderiako errota (Errenteria): Naturan murgildu zaitez doako ibilbide gidatua eginez Añarbeko baso-erreserban, Aiako Harria Parke Naturalaren barruan. Izan ere, larunbat honetarako, Fanderiako errotatik jarduera hau antolatu dute, maiatzaren 24an ospatuko den Parke Naturalen Europako Eguna dela eta.

Jantziaren Zentroa (Errenteria): Modaren historian zehar bidaiatu ezazu modu atsegin, didaktiko eta interesgarrian, eta jantziek mendeetan zehar izan duten bilakaera ezagutu ezazu. Larunbat honetarako ate irekien jardunaldia antolatu da, museoaren ohiko ordutegian sarrera doan izango delarik.

San Marko Gotorlekua (Errenteria): Gozatu San Marko gotorlekuaz zure kabuz, pasabide ezkutuenetatik hasi eta bere begiratoki ikusgarriaren gaineraino. Aprobetxa itzazu bista pribilegiatu horiek eta egin doako bisita gidatu bat, Errenteriako eta eskualdeko historia markatu duten mugarri garrantzitsuenak ezagutzeko.

Albaola, Itsas Kultur Faktoria (Pasaia): Itsas ondarearen zale amorratua bazara Albaola derrigorrezko geltokia duzu. Murgildu egurrezko ontzien eraikuntza tradizionalean eta bisitatu ontziola, ibaiertzeko arotzek itsasontzi historikoen erreplikak nola egiten dituzten ikusteko, euskal itsas historia babesteko helburuarekin.

Mater ontzi-museo Ekoaktiboa (Pasaia): Kantauriko atunontzi klasiko hau, zurez eta modu tradizionalean eraikia, Itsas Gela elkarteak salbatu zuen desegitetik, arrantzan ibili ondoren, artisau-arrantzari eta itsas ingurunea zaintzearen garrantziari buruzko ontzi-museo bihurtzeko. Asteburu honetan, Mater ez da Pasaiako portuan izango, euskal kostaldean nabigatzen baizik.
