2021/05/14
Kapitain-etxeak bihar zabalduko ditu berriz bere ateak. Jantziaren Zentroak hamabost egunez itxita egon da erakusketa iraunkorra aldatzeko lanengatik. Urte osoan ikusgai egongo den proposamenak berrikuntza dauka aurtengoan. Modaren historian jantziek izan duten bilakaera modu kronologikoan ikusteko aukera dugu, lehen solairuan hasi eta bigarrenean amaituta. 35 jantzi dira guztira, ia guztiak emakumezkoenak. XVIII mendean hasi eta 1970 urtera bitarte.
|
|
Bigarren solairuan emakumezkoen barruko arropei tarte berezia eskaini zaie oraingoan. Bost manikitan kortseak, armazoiak, pololoak, mediak…1895 urtetik 1920 urtera bitarteko lentzeria. Aretoaren paretetan metroko luzera duten hiru argazki zuri beltz handi, horietan XIX mendearen amaieran eta XX. mendearen hasierako hiru emakumezko barruko arropa soinean dutela.
Jantzia 360º tan ikusteko aukera

Jantziaren Zentroak “Sisu 360 Photo” enpresaren lanaren bitartez lau jantzi bira osoan ikusteko aukera eskaintzen du. “Sisu 360 Photo”-k jantzi bakoitza oinarri birakari baten gainean jarrita bereizmen handiko 36 argazki atera dizkio, hamar graduko bana. Horiek guztiak jarraian, jantzia bira osoan ikus dezakegu. Horretarako areto bakoitzean bi tablet jarri dira bisitariak bakoitzean jantzi bana ikus dezan.Jantziak aukeratzeko orduan xehetasun ugari edo atzealdean lan handia duten soinekoak aukeratu dira. Erakusketan estalita geratzen den alde hori, jantzia sortzerakoan jostunak egindako lan ezkutu hori ikus dezagun.
Museoen nazioarteko eguna
Maiatzaren 23an, igandez Jantziaren Zentroak museoen nazioarteko egunarekin bat eginez, bisita komentatua eskainiko du doan. Uneotan sarrerako aretoan ikusgai dagoen Iraultza Dantza Taldearen jantzien inguruko azalpenak izango dira. Goizeko 12:00 eta 13:00 tan euskaraz, eta 12.30 eta 13:30 etan gazteleraz.
COVIDa tarteko Eusko Jaurlaritzak aforoa murriztu du, horregatik aurrez izena eman behar da parte hartu ahal izateko. Bi bide daude Errenteriako turismo bulegora deituta 943 49 45 21 ala jantziarenzentroa@errenteria.eus postara idatzita. Izen emateen azken eguna maiatzaren 22 an, goizeko 12.00 etan izango da.
Iraultza Dantza Taldearen 50 urteurrena
Kapitain-etxearen sarreran uneotan Errenteriako Iraultza Dantza Taldearen mende erdiko ibilbidea jasotzen duen erakusketa dago ikusgai. Ekainaren amaiera bitarte, dantzarako 1971 urtetik gaurdaino erabilitako hainbat jantzi ikus daitezke, horrez gain, pantaila handi batean ia mila argazki, urtetan Iraultza Dantza Taldearen ikuskizunak, talde argazkiak…nolabait Errenteriaren mende erdiaren historia gogoratzeko aukera.