2021/05/13
Gastronomia betidanik izan da gure lurraldeari nortasun propioa eman izan dion elementu bereizgarri bat. Izan ere, badira urte batzuk Oarsoaldea Eskualdeko Garapen Agentziak “Euskadi Gastronomika Produktu Kluba” jarri zuela martxan eskualdean, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren eskutik.
Euskadi mailan martxan dagoen proiektua da Euskadi Gastronomika, eta helburu nagusia euskal gastronomiaren papera nabarmentzea da, produktuaren bikaintasuna bermatzen duten zein zero kilometroko osagaien alde apustu egiten duten ostalaritza enpresen sare egonkorra osatuz.
Sare horri atxikitako establezimenduek hainbat abantaila izango dituzte:
- Euskadi mailan: Euskadi Gastronomika bereizgarria eta sustapen-euskarri turistikoetan presentzia, hala nola Euskadiko turismo webgunea, gastronomia gida, etab.
- Eskualde mailan: turismo bulegoetan sustapena, eskualdeko gida gastronomikoan eta oarsoaldeaturismoa.eus webgunean presentzia.
Oraingo honetan, eskualdeko “Euskadi Gastronomika” klubak ostalaritza-establezimendu berriak atxikitzeko deialdia ireki du, honela Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako establezimenduek bereizgarri hau lortu eta abantaila ezberdinez gozatzeko aukera berria izango dute inolako kosturik gabe.
Izen-emate prozesuaren epea maiatzaren 20an amaituko da, hortaz, “Euskadi Gastronomika” klubari buruzko informazio zabalagoa eskatu edota bertan izena eman nahi duten establezimenduek, Oarsoaldea Garapen agentziako Turismo Sailarekin harremanetan jarri beharko dira epea agortu baino lehen.
Horretarako, Errenteriako Turismo Bulegora bertaratu daitezke (Madalen kalea, 3. 20100 Errenteria) edo 943 494 521 telefonora deitu, bai eta turismoa@oarsoaldea.eus helbide elektronikora idatzi ere.