23/04/2021
Iraultza dantza taldea, tradizioa bidelagun, mende erdia dantzan eta jantzien ikerketan.
Urteurren borobila du aurtengoa Errenteriako Iraultza dantza taldeak, mende erdia bete du dantzan eta jantzien ikerketan.
Bost hamarkada horien lanaren emaitza Kapitain-etxean kokatutako erakusketan ikusgai izango da, bihar hasi eta ekainaren amaiera bitarte.
Erakusketak bi zati ditu; batean, hamalau jantzi ikusgai. Iraultza dantza taldearen esanetan, zaila izan da aukeraketa egitea. Kontutan hartu behar da 1971 urtetik gaurdaino 500 jantzi baino gehiago sortu, josi, dituela Iraultza dantza taldeak. Hasiera batean, dantzarako egindako jantziak, azken hamarkadatan erakusketetan ikusgai egon dira, leku zein garai bateko janzkera nolakoa zen azaltzeko asmoz. Aukeraketa zaila soilik 14 jantzirekin erakusketa osatzea, bakoitza dantza taldearen garai bat, gizarte bat, hamarkada bat eta dantzan elkar ezagututako lagun talde baten ispilu da.
Hamar emakumezko eta lau gizonezko jantziek osatzen dute Jantziaren Zentroaren sarrerako aretoan doan ikus daiteken erakusketa, besteak beste: Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako jantziak. Bakoitzaren alboan izena, alegia, jantziaren jatorria zein den, eta irudi bat. Hain juxtu parean begien aurrean dugun jantzi hori dantzan erabili zen unea, momentua, edo taldeko kideak bat eginda argazki kamerari begira irribarrea ahotan ikusiko ditugu. Hamalau argazki dira, Iraultza dantza taldearen hamalau dantza saio, historiako une zehatzak. Askoren memorian gordetako momentua, dantzan lagun artean ondo pasatuz. Hori izan baita beti Iraultza dantza taldearen helburua dantzatzeko unean, gure arbasoek egin bezala ongi pasatzea eta disfrutatzea.
Irudia, argazkia da hain juxtu erakusketa honen bigarren oinarria. 50 urteurren honetan Iraultza dantza taldeak urtetan gordetako argazkiak digitalizatu eta artxiboa osatu du. Bilduma hori handitzeko deialdia egin da dantzari ohien artean eta erantzuna ona izan da. Mila argazki inguru batu dira, horiek guztiak erakusketan pantaila batean ikusteko aukera dugu. Dantzari ohiak gaztetan, lagun artean, dantzan ikus ditzakegu. Asko Errenteriakoak dira, baina baita ere inguruko herritako dantzari ugari.
Iraultza dantza taldea 1971 garren urtean sortu zen Telleri-Aldeko mutil talde batek Gaztedin etseatzen zuen neska talde batekin bat egin ondoren. Diktaduraren azken urteak izaki dantza taldearen izena ofizialki erregistratzeko unean, “Iraultza” “aurrerapena” zela esan zen agintarien aurrean, benetako esanahia ezkutatu zen, alegia “matxinada”. Eta horrelakoa izan da Iraultza dantza taldea oin bat tradizioan, gure arbasoen ohiturak errespetatuz, baina aldi berean, jakituria hori berreskuratu eta belaunaldi berrien esku jartzen aitzindaria, iraultzailea.
Lehen urtetan dantzak ikasteari eta berreskuratzeari ekin zion Iraultzak, horretarako aukeratutako dantza bere sorterrian ikasten zen, bertako dantza taldearen eskutik edo agureengandik. Dantza bakoitzak bere jantzia zuen eta pixkanaka jantziak egiten, josten, hasi ziren. Dantzatik haratago tradizioari heldu zitzaion eta bestelako ohiturak berreskuratu ziren 90 hamarkadatik aurrera: XX mende hasierako euskal ezkontza, Urdiaingo San Juan bezperako kantaia…
25 urteurreneko ospakizunak handiak izan ziren, aste kulturala antolatu zen, eta Madalen jaien hasierako txupinazoa bota zuen Iraultza dantza taldeak. Aurtengoa, urteurren borobila da, urrezko ezteiak ospatzen ditu Iraultza dantza taldeak, baina 2021 urtea pandemia urtea da, eta ezinezkoa da taldeak nahi bezalako ospakizuna egitea, ezin dantzari ohiekin bazkari edo afaririk egin, ez eta dantza ikuskizun ala jantzi desfilerik.
Modu xumean bada ere, Iraultza dantza taldeak 5 hamarkada horiek gogoratu nahi ditu, eta hori da hain juxtu Kapitain-etxean topatuko duzuen erakusketaren helburua.
Jantziaren Zentroa itxita hamabost egunez
Erakusketa asteburu honetan zabaltzen da, baina maiatzak 1etik 15era bitarte Jantziaren Zentroa itxita egongo da erakusketa iraunkorraren aldaketa lanak tarteko.
Maiatzaren amaieran eta ekainean berriro herrien eta probintzien arteko mugimendua baimenduta izatea espero dugu, horrela dantzari ohiek, Errenteriatik kanpo bizi direnek ere bertara itzuli eta gazte izandako garaia gogoratu dezaten.
Erakusketa asteburutan doan ikus daiteke Kapitain-etxean, larunbatetan 11:00/14:00-17.00/20:00etara, eta igandetan 12:00/14:00etara.