2020-06-11
Hiru hilabeteko etenaldiaren ostean, Jantziaren Zentroak datorren larunbatean, ekainaren 13an, irekiko ditu ateak.:
Kapitain-etxeak proposamen eta segurtasun protokolo berriarekin zabalduko du berriro ere ohiko ordutegian: larunbatetan 12:00-14:00/17:00-20:00 eta igandetan 12:00-14:00.
Harrerako doako erakusketa eta goiko solairuetako erakusketa iraunkorra bisitatzeko, ez da beharrezkoa aurretiko hitzordua eskatzea. Bai ordea, bisita gidatuen kasuan, horietan gehienez 20 laguneko taldeak hartuko dira, eta guztiek maskara jantzita eraman beharko dute. Bisita gidatua erreserbatzeko, bi bide daude: bata, Oarsoaldeko turismo bulegora deituta 943 49 45 21 eta bestea, jantziarenzentroa@errenteria.eus postara idatzita.
COVID 19 aren segurtasun protokoloa tarteko, eraikinaren edukiera %50era murriztu da, bisitarien artean bi metroko distantzia errespetatu ahal izateko. Behe solairuan gehienez 15 pertsona sartuko dira aldi berean, eta lehen eta bigarrenean asko jota 20 lagun. Sarreran gel hidroalkoholikoa egongo da bisitari guztientzako, segurtasun-distantzia ezarriko da sarrerak saltzeko mahaiarekiko, eta eraikineko garbiketa handitu egingo da.
Emaus Gizarte Fundazioaren “Origen” proposamen bitxia
“Origen” beste herrialde batzuetako pertsonen jantzi tradizionalen berrikuspena da. Emaus Gizarte Fundazioaren proposamenean hainbat sortzailek parte hartu dute, gehientsuenak modaren mundukoak, eurekin batera elkarlanean aritu dira Gipuzkoan bizi diren migratzaileen hainbat kultura-elkarte.
Sortzaile bakoitza hiru ardatzetan oinarritu da bere proposamena diseinatzeko: aniztasuna, berrerabilpena eta berrinterpretazioa. Jantzi tradizionalaren deskribapena migratzaileen ahotan entzun ostean, diseinatzaileak Emaus Gizarte Fundazioaren oihalak eta bigarren eskuko materiala baliatuta irudikatutako jantzia osatu du.
Erakusketa Afrikako eta Europako hainbat herrialdetako 18 jantzik osatzen dute.
Sortzaileak Donostiako AEG Ikastetxeko ikasleak dira eta euren herriaren berri eman duten migratzaileen elkarteak honakoak: Emigrados sin fronteras, Asociación Ucrania-Euskadi, Guardabarranco Grupo de Baile y Mexkadi etxea asociación cultural
Nor naiz? Mundutik
Kapitain-etxearen sarreran, Errenterian iazko udazkenean “Nongoa naiz?” Proiektuaren barruan sortutako hiru jantzi aurkituko ditugu. Hiru hilabetetan 10 emakumek herriko udal euskaltegian kultur trukea egin zuten, joskintza ardatz hartuta. Emaitza hiru jantzi dira: baserritarra, arabiarra eta ukrainarra.
“Origen” erakusketa doan ikusi ahal izango da Jantziaren Zentroan uztailaren 5era arte.