
Abenduko jai egun hauei ahalik eta probetxu gehien ateratzeko hainbat proposamen luzatzen dizkizugu jarraian.
Hartu Arditurri meategiko trena Oiartzunen!
Datorren zubian, Arditurriko Meategira Txu-Txu trenez joateko aukera berezia izango dugu. Pagoaldea industrialdetik abiatuko da trena, Arditurriko Bide Berdea hartuta, Meatze gunera iristeko. Garai batean meategitik ateratzen zen mea portura eramaten zuen trenak egiten zuen bide hau.
Bertan, meategia bisitatzeko aukera izango dugu. Zehazki, abenduaren 6an eta 8an izango dugu eskaintza berezi hau. Pagoaldetik 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan aterako da trena. Ondoren, txanda bakoitzean bi bisita mota eskainiko dira, Sakoneko bisita 10:30ean, 11:30ean eta 12:30ean eta Oinarrizko bisita 10:45ean, 11:45ean eta 12:45ean. Itzulerak aldiz, 11:30ean, 12:30ean eta 13:30ean izango dira Arditurrik Pagoaldera.
Oinarrizko bisitak 5€ko prezioa du (3€ 1-4 urte bitarteko haurrentzat) eta Sakoneko bisitak 7€. Tren bidaia prezioaren barne dago kasu guztietan.
Beharrezkoa izango da aurretik izena ematea (943 495 069/ 688895068 edo arditurri@gipuzkoamendizmendi.net helbide elektronikoan).
Oiartzunen bertan, Ergoien auzoan, Arditurritik oso hurbil, beste bi museo bisitatzea gomendatzen dizuegu. Alde batetik Soinuenea – Herri Musikaren Txokoa dugu, ohiko ordutegian egongo da irekita zubian zehar, eta bertan munduko bazter guztietako musika tresna herrikoiez osatutako bilduma itzela ikusi ahal izango dugu. Bestetik, Luberri ikasgune geologikoa dugu. Hau ere bere ohiko ordutegian bisitatu daiteke.
Murgildu zaitez marinelen bizitzan!
Mendiaren erraietatik itsasora salto egingo dugu, Mater Museoaren eskutik marinelen bizitzan murgiltzeko Pasaian. Zubian zehar egunero tailer eta bisita bereziak antolatu dituzte:
Asteazkenean, abenduak 6, “Hirigune Historikoa” ibilbide gidatua eskainiko digute, 12:00etatik 13:30era. Prezioa: 8€ helduak eta 6€ haurrak.
Ostegunean, abenduak 7, familientzako “Marinel Tailerra” antolatu dute, 12:00etatik 13:30era. Prezioa: 12€ helduak eta 8€ haurrak.
Ostiralean, abenduak 8, “Arrauna” ibilbide gidatua egin ahal izango dugu. 12:00etatik 13:00etara izango da. Prezioa 5€ helduak eta 3€ haurrak.
Larunbatean, abenduak 9, kostaldeko itsaslabarrak miretsi ahal izango ditugu itsasora irteera eginaz. 13:00etatik 14:00etara izango da jarduera. Prezioa: 30€ helduak eta 15€ haurrak. Jarduera hau egiteko gutxieneko adina 5 urte dira.
Igandean, abenduak 10, familientzako “Kontserba tailerra” eskainiko da. 12:00etatik 13:30era izango da. Prezioa: 20€ heldu eta haurrak.
Oharra: Haurren prezioa 5-12 urte bitartekoentzat da. 5 urtetik beherakoek doan egin ahal izango dituzte jarduera guztiak.
Honetaz gain, Mater Museoan bisita gidatuak eskainiko dira orduro, abenduaren 6tik 10era 11:00etan, 12:00etan, 13:00etan, 16:00etan, 17:00etan eta 18:00etan (igandean goizez bakarrik eskainiko dira).
Lezo: kultur ondarea eta gastronomia
Gipuzkoako harribitxi hau ezagutzeko aukera paregabea dugu abenduko zubi honetan. Lezok artea, tradizioa, natura eta gastronomia eskaintzen dio bisitariari.
Bere alde zaharrak gordetzen dizkigun altxorrak miresten hasi dezakegu bisita. Besteak beste, Gurutze Santuaren Basilika, aldarean gailentzen den bizarrik gabeko irudi gotikoarekin, udaletxea, San Joan Batailatzailearen eliza, Andreone Jauregia, Kale Nagusia, edota alde zahar osoan zehar kokatzen diren XVI, XVII eta XVIII. mendeko etxe armarridunak, zeinek kultur ondare aberatsa osatzen duten.
Ondoren, gastronomiaz gozatzeko aukera ere izango dugu Lezon. Izan ere, Euskadi Gastronomika bereizgarria duten establezimenduen eskaintza zabala da herrian. Kalitate goreneko jatetxe eta erretegi hauek sukaldaritza tradizionala, egile-sukaldaritza, sagardotegi menuak, eta haragi eta arrain erreak eskaintzen dizkigu gure gozamenerako.
Errenterian, Euskal jantzi tradizionalen usadioa ezagutzen
Errenteriako Hirigune Historikoko Kapitain Enea eraikinean kokatzen den Jantziaren Zentroak bere ateak irekiko ditu zubian zehar ohiko ordutegian. Hau da, larunbatean 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara eta igande eta jai egunetan 12:00etatik 14:00etara.
Bertan, janzkeraren mendez mendeko bilakaera ezagutzeko parada izango dugu, nahiz modaren historia eta janzkera usadioen bilakaera Euskal Herrian.
Jatorrizko euskal jantzien egungo bildumarik oparoena aurkituko dugu, garai desberdinetako 300 aletik gorakoa.
Gainera, gure baserritarrek soinean eramaten zituzten jantziak ezagutzeko aukera ere izango dugu, behe solairuan kokatutako erakusketan. Bertan 16 jantzi ikus daitezke, XIX. garren mendearen amaiera eta XX. Mendearen hasierako jantzi originalen zein argazkien kopiak. Jatorriari dagokionez, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa, Zuberoa eta Lapurdiko jantziak dira. 13 emakumezkoenak eta 3 gizonezkoenak.
Urtarrilaren 7ra arte egongo da erakusketa ikusgai, Jantziaren Zentroaren ordutegian zehar. Sarrera doakoa da.
Informazio gehiago 943 494 521 / turismoa@oarsoaldea.eus / oarsoaldeaturismoa.eus