
Bada denbora Errenteriako fabrikek beraien labe erraldoiak itzali eta tximinietatik kea botatzeari utzi ziotela. Garai batean “Manchester Txikia” goitizenarekin izan zen ezaguna herria, bere jarduera industrial handiaren ondorioz. Gaur egun, eraldaketa urbanistiko ikusgarri bat jasan ondoren, antzinean fabrikak kokatzen ziren orubeak, berauetatik paseatzeko gonbita luzatzen diguten parke eta lorategiz bete dira.
Hala ere, Errenteriaren iraganak ez du industriarekin soilik lotura, izan ere, Erdi Aroan, portuari esker, herriak jarduera ekonomiko eta merkataritza-jarduera oso garrantzitsua izan zuen. Honenbestez, XV. mendetik aurrera dorretxe eta oinetxeak
eraikitzen hasi ziren herrian. Gaur egun oraindik, arkitektura berezi hura mantentzen duten eraikin asko topatu daitezke hirigune historikoko kaleetan zehar. Honen adibide argiak dira Morrontxo eta Torrekua dorretxeak, Kapitain etxea oinetxea, Iturritza oinetxea edota Zubiaurre jauregia. Erdi Aroko aztarna guzti hauei esker, Errenteriako hirigune historikoa multzo monumental izendatua izan da, eta bere jatorrizko morfologia mantentzen du oraindik. Iraganeko garai haietara jauzi egin ahal izango du bisitariak, orain merkataritza eta ostalaritza jardueretan guztiz murgilduta dauden kale hauetatik ibiltzean.
Hirigunetik kilometro gutxira San Marko Gotorlekua aurkituko dugu, izen bera daraman mendiaren tontorrean. Modu estrategikoan kokatuta dagoen gotorleku militar hau Lau Haizeta Parkearen barruan dago, ekipamendu ludiko eta kultural bezala. Bere kokapen ezin hobea dela eta, gipuzkoar kostaldeko behatoki garrantzitsu eta pribilegiatua da, eta bertatik Kontxako, Pasaiako eta Txingudiko badiak ikus daitezke. Gotorlekua ondo mantenduta dago eta lubanarroan, Armen Patioan, zubi altxagarrian eta goiko terrazan egindako zaharberritze lanei esker, bisitariak gotorlekuaz gozatzeko aukera izango du.
Naturazaleenek ere aukera mordoa topatuko dute Errenterian. Listorreta-Barrengoloiako gunea Aiako Harria Parke Naturaleko eta Añarbeko Baso Erreserbako sarbidea da. Eremu babestu
honek milaka aukera eskaintzen ditu bertatik ibilbide ugari egiteko, azalera guzti hau estaltzen duten harizti eta pagadi marduletatik, hiriko zaratatik urrun lasaitasun pixka bat arnasteko.
Horretaz gain, Errenteriak ondasun etnografiko oso garrantzitsua ere badu. Herriko landa eremuetan Aitzetako Txabala eta Berrozpin trikuharriak, Txoritokieta eta Langagorri monolitoak eta Aizpitarteko haitzulo famatuak kokatzen dira. Azken hauetan, orain dela 24.000 urteko gizaki aztarnak topatu ziren, eta garrantzia handiko aurkikuntzak egin berri dituzte bertan.
Eta eguna ondo amaitzeko, gastronomia errenteriarra dastatzea baino ezer hoberik ez dago. Herriak duen eskaintza gastronomikoa benetan handia da. Bisitariak, pintxo taberna eta sagardotegi bikainetatik hasi eta ospe handiko Michelin izardun jatetxeetarainoko aukera zabala topatuko du bertan.
Laburbilduz, aukera amaigabeak eskaintzen dizkigu Errenteriak, bere kultura-ondareari, naturari eta gastronomia aberatsari esker.
Informazio gehiago:
www.oarsoaldeaturismoa.eus
turismoa@oarsoaldea.eus
943 494 521