Lezok hirigune historiko eta balio arkitektoniko eta artistiko handiko eraikin ugari ditu, eta horien artean Gurutze-Sainduaren irudi gotikoa, Kristo Sainduaren basilika eta blasoidun etxeak, aipa daitezke, besteak beste.
Lezok baditu bisitariak erakartzeko eraikin eta aitzaki ugari. Bere kaletatik paseatzerakoan historiaz betetako eliza eta baselizekin topo egiteaz gain, historia askoko blasoidun etxe ugarirekin egingo du topo bisitariak. Jan edateko aukerarik izango du ere, bere kaleetan taberna eta jatetxe ugari daude eta landa gunean beste ospe handiko hainbat erretegi.

Goiko Plazan kokatuta dago San Juan Batailatzailearen Parrokia. Parrokiaren idatzizko lehenengo testuak 1.399. urtekoak dira. Bere alboan Gurutze Sainduaren Baseliza dago eta bertako Gurutze Sainduaren irudi gotikoa nabarmentzekoa da. Hasiera batean ermita txikia besterik ez bazen ere, XVI. mendearen amaieran ustezko mirariengatik bere ospea hedatuz joan zen eta bere irudiarekiko debozioa ugarituz. Hortaz, ermita zaharra kokatzen zen tokian oraingo basilika errenazentista eraiki zuten. Aipatzekoa da Basilika honetan dagoela Europa osoan dauden bizarrik gabeko hiru kristoetatik bat.
Eraikin zibil historikoak baditu Lezok ere, eta horiek armarridun etxeak dira. XVI. mendeko armarridun etxeen artean nabarmentzekoak dira Arpire-enea, Jamot-enea, Paskual-enea, Zabala-Etxea eta Andreone, eta XVII. mendeko udaletxea, besteak beste.
Lezo Jaizkibel mendiaren magalean dago eta hirigune zaharrak kontraste handia du mendiarekin. Natura aprobetxatuz ibilbide ugari egin daiteke bi koloreko paisaiekin gozatuz, batetik mendien berdea, eta bestetik, Kantauri itsasoaren urdina.
Ibilbide interesgarrietariko bat, Lezon hasi eta Jaizkibel mendia zeharkatuz, Hondarribiraino iristen dena litzateke. Beste proposamen bat Xoxolurra – Alarguntza ibilbidea egitea da. Ibilbide hauetan zehar balio handiko
baserriak ikusiko ditu mendizaleak, hala nola: Olatzar, Borda, Minkura, Bordatxo, Darieta-zar “Daita”, Miura, Iribarren, Gaintza, Apaiziartza, Itzua bekoa, San Juan Iturria, Itxue, Galardi, Arpire-enea, Maisu Cristobal-enea, Susana-enea, Sagu-enea, Jamot-enea, Mandasayania, Pikandia-enea, Paskual-enea, Kuartela, Mariya-enea, Txerrimuno eta Zabala-etxea.
Lezoko alde zaharretik ibilbide kultural bat edo Jaizkibel menditik ibilbide natural bat egin nahi duenak informazioa guztia eskura dezake Errenteriako turismo bulegoan: turismoa@oarsoaldea.eus edo www.oarsoaldeaturismoa.eus