Albaola Itsas Kultur Faktoriak lehenengo urtea bete du. Hori dela eta, ostiral honetan gerturatzen diren bisitari guztiak TXOTX batera gonbidatuta egongo dira, eta sarrera prezio erdian izango dute.
Orain dela urte bete pasatxo, Faktoriaren irekiera ofiziala izan zen: ekainaren 25a zen, eta gila jartzearen ekitaldi sinbolikoa ospatu zen egun hartan. Handik gutxira, Albaola Itsas Kultur Faktoriaren ateak irekitzen ziren bisitarientzat, eta San Juan baleontziaren eraikuntzaren ametsari hasiera eman zitzaion.
Lehen urte honetan, Albaolak 25.000 bisitari izan ditu, mundo osotik gerturatu diren lagunak hain zuzen. Proiektuaren enbaxadoreak bihurtu dira 25.000 bisitari hauek, ondorengo esaldi hauek Faktoriaren paretetan utzita: “Nunca antes me había emocionado tanto el proyecto de un museo” (Inma, Lleida); Munduko 50 herrialde ikusi eta gero bihotz bihotzez esan dezaket museo hau ikusi dudan politena eta interesgarriena dela. Euskal Herria eta Kanada hain konektatuta daudela ez nekien eta euskalduna izateaz eta sajuandarra izateaz harroago egin didazute. ZORIONAK ETA ESKERRIK ASKO! (Oier, San Juan) / Merci pour cette belle exposition, ce projet que nous suivrons en revenant à Pasaia et pour votre accueil si gentil. (Pauline, Bordeaux) / Fabulous!! Thank you!! Can´t wait to see the San Juan finished! (Mathieu, Canada)…
Azpimarratu behar da bestalde, hezkuntza eremuan izan duen harrera ona, izan ere 5.000 ikasle inguru -6 eta 11 urte bitartekoak- gerturatu dira Faktoriara. Txo Mikmak Txikiaren laguntzarekin historia ikasi eta entretenitzera. Adin horretako ikasleen artean izan duen arrakastaren arrazoi nagusietako bat “Baleontziaren bidea” gida pedagogikoa izan da, zeinak San Juan baleontziaren inguruko 30 jarduera ludiko eta hezitzaile barneratzen dituen.
Horregatik, datorren ostiralean, uztailak 24, denak gonbidatuta daude Albaolaren lehen urte hau ospatzeko txotx eta gazta dastaketara. Gainera sarrera prezio erdian egongo da. Faktoria, egunero bezala, ordutegi honetan egongo da zabalik 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara.
Ostiral honetarako aurreikusita dagoen ospakizuna erakunde, langile, enpresa eta kolaboratzen duten eragile guztientzako omenaldia izango da, baita Pasaia eta Donostialdeko bizilagun eta lagunentzat ere, izan ere, amets hau egi bihurtzen lagundu dute. Dena den, bereziki bolondresen lana omenduko da, zeinak gizartetik halako proiektuak aurrera ateratzen laguntzen duten, eta haiek baita ere honako esperientzia hau betirako barnean gordeko dute: “Esperientzia zoragarria izan da zentzu guztietan… nire jakintza pertsonal eta profesionalari begira. Mila esker zuen umiltasunagatik… jada faltan botatzen zaituzte” (Chiara, Italia)