Oarsoaldea Garapen Agentziaren administrazio kontseiluak, eskualdearen garapen estrategikoari buruzko hausnarketa prozesu luze baten ostean, Oiartzunen zegoen eskualdeko turismo bulegoa Errenteriara aldatzea erabaki zuen. Horrela, Errenteriakoa urte osoan irekia egongo da, eta Oiartzungo turismo bulegoa berriz, goi denboraldian soilik.

Garapen Agentziaren lehendakariak, Ainhoa Zabalok, adierazi duenez eskualdera gerturatzen den bisitari-fluxua aztertu ondoren, honako hau ondorioztatu zuten:
- Oiartzunen kokaturik zegoen turismo bulegoak bisitari-etortze ugariena goi denboraldian jasotzen zuela antzeman da: urte osoko bisitari kopuru guztitik %45a Aste Santuan, uztailan eta abuztuan izaten da.
- Errenteriako San Marko gotorlekuan aurkitzen den Turismo Bulegora hurbiltzen diren bisitariak, lekua dagoeneko ezagutzen dutelako edota beste informazio puntu batetatik leku honen berri eman zaielako etorri dira; hortaz, bulego honek bisitarien harrera egin eta hauek bideratzeko helburua ez duela betetzen ondorioztatu da, horren ordez, gotorlekuaren informazio-puntu eta harrera funtzioa betetzen duela baizik.
Horrela, aurreko datuak kontutan harturik, eta Errenteria 2025 Plan estrategikoaren helburuetariko bat produktu eta ekitaldi kulturalen eta hauen dinamizazioaren bidez bisitari kopuruaren igoera sustatzea dela jakinda, datozen urteetan herriko bisitari-fluxuaren igoera nabarmena ematea aurreikusten da, eta hortaz, eskualdeko bisitariena ere.
Halaber, Errenteria 2025 Plan estrategikoaren ondorioetariko bat denbora gutxi barru abian jarriko den “Hirigune Historikoaren Birgaitze plana” izango da. Ekimen honen inguruan herritarrei informazioa erraztu ahal izateko, hirigune historikoan bulego bat irekiko da.
Errenteriako udalerrian sortu diren behar berri hauei erantzuna emateko, bi zerbitzuak ekipamendu bakar batean kokatuko dira: “turismo informazio bulegoa” eta “hirigune historikoaren birgaitzerako informazio bulegoa” alegia.