Oarsoaldea eskualdeko turismo Bulegoa, orain arte Oiartzunen kokatua zegoena, tokiz aldatu da Errenteriako Madalen kaleko 3. zenbakira, hirigune historikora. Bertan, Oarsoaldea Eskualdeko Garapen Agentziaren turismo sailak Oiartzungo bulegoan eskaintzen zituen zerbitzu berak eskainiko ditu.
Kokaleku berria zabala, argitsua eta irisgarria da, eta urte osoan egongo da zabalik asteartetik larunbatera 10:00-14:00 eta 16:00-18:00 bitartean, eta igandetan 10:00etatik 14:00etara. Aste Santuan, uztailan eta abuztuan berriz ordutegi zabalagoa izango du: astelehenetik igandera 9:00-14:00 eta 16:00-19:00 bitartean.
Herritarrei eta bisitariei irekia dagoen gune honetan Errenteriako ekitaldi kultural eta baliabide turistikoei buruzko informazioa emango da: alde zaharreko kale eta monumentuak, San Marko gotorlekua, Añarbe baso-erreserba edo Aiako Harria Parke Naturalean zein Lau Haizeta parkean egin daitezkeen mendi ibilbideak, besteak beste. Halaber, eskualdeko gainontzeko herrien inguruko Informazio turistikoa ere eskainiko da, Lezo, Oiartzun eta Pasaiakoa hain zuzen.
Honetaz gain, San Marko gotorlekuan kokaturiko turismo Bulegoa eta Listorreta-Barrengoloia eremuko Informazio puntua ere badaude Errenterian, biak urriaren erdialdera arte zabalik.
Informazio gehiago:
Oarsoaldea eskualdeko turismo bulegoa
Madalen kalea, 3. 20100 Errenteria
T. 943 494 521
turismoa@oarsoaldea.eus
www.oarsoaldeaturismoa.eus