Eskola-opor garaian dauden haurrekin batera egiteko eskaintzen diren aisialdi planak ugariak dira Euskal Herrian. Kasu honetan sei plan proposatuko dizkizugu Donostiatik oso gertu. Gipuzkoan eta inguruetan bizi direnentzat interesgarriak eta edozein asteburutan egiteko aukerako planak.
Pasaiako badian zehar txangoak txalupan
Euskal kostaldean existitzen den bazterrik ederrenetariko batean nabigatzea proposatzen dizugu: Pasaiako Badia hain zuzen. Leku gutxik eskaintzen dute itsas txango honetan ikusiko duzun paisai kontrastea, Gipuzkoako portu komertzialean kokatzen diren garabi nahastea eta elementu industrialetatik hasita, Pasai San Pedro eta Pasai Donibaneko hiriguneetako berezitasunarekin jarraituz eta Norvegiako fiordoen antzera, Ulia eta Jaizkibel mendiek osatzen duten portuaren bokalean amaituz.
Datak: udan astebururo irailaren 21era
Txokolatearen Sekretuak tailerra
Txokolatea da dudarik gabe handiek zein txikiek gehien atsegin duten elikagaia.
Errenteriako Casa Aramendiak adin guztietara egokitutako tailerrak eskaintzen ditu txokolatearen mundua sakonean ezagutu ahal izateko. Maisu txokolategileen antzera jantzita, trufak eta txokolatezko piruletak egiten ikasiko duzue eta amaieran dastatu edota etxera eraman ahal izango duzue egindako lana.
Bisitaren osagarri bezala, gozogintza-lantegia ezagutuko duzu eta bertan txokolate mota ezberdinen dastatzean parte hartuko duzu, produktu honen historia eta botanikaren azalpena jasoko duzuelarik.
Datak: Urte osoan zehar apirilaren 15-25 eta abenduaren 10etik urtarrilaren 6a bitartean ezik.
Luberri Ikasgune geologikoan ikasi eta ondo pasa ezazu
Luberrik, Oiartzungo geologia museoak, euskarri berria dauka; pantaila interaktibo bat hain zuzen, eskualdean zehar hegaldi birtual bat egiteko aukera emango dizuna, Aiako Harria, Oiartzungo bailara eta Jaizkibel gainean hegan eginez.
Hegaldi honetan eta Luberri museoaren maskotak gidatua, pausuz pausu pantailaren goiko aldeko izkinatik ingurunearen estratigrafiaren inguruko eduki ezberdinak ikusiko dituzu eta garai eta gertaera geologiko ezberdinetan zehar gaur egungo paisaiaren erliebe-eraketaren ideia bat ere egin ahal izango duzu. Honetaz gain, urte osoan zehar antolatzen dituzten lan-tailerretan apuntatu zaitezke.
Datak: urte osoan zehar.
Arditurriko meazuloetan barneratu
Oiartzungo Arditurri meategiak, erromatar garaietatik ustiatutako meategi baten adibide bitxia dira. Bi bisita mota eskaintzen dira: Oinarrizkoa, meazuloa deskubritzeko bertan instalatu diren argi eta soinu jokoen bidez; eta “Meategia sakonean” bisita, lurrazpiko paisaia gertutik ezagutzeko ibilbidea. Bi bisita hauek Arditurriko Tren Berdeak meategien sarreraraino egiten duen ibilbidearekin osa daitezke, bertako interpretazio zentroa bisitatu ahal izango delarik.
Datak: urte osoan zehar.
Euskal musika herrikoia
Musika entzun, jo, kantatu eta dantza ezazu Soinuenean, Oiartzungo Herri Musikaren Txokoan. Bertan txistua, alboka edo txalaparta bezalako musika tresna harrigarrien ezaugarriak azalduko dizkizute eta hauen testuinguru historikoa ezagutuko duzu, jatorritik gure egunetaraino. Gainera zure lehenengo musika notak interpretatu eta entzungo dituzu, adituen laguntzari esker. Honek musika herrikoi ezberdinak joko ditu eta nahi izanez gero, dantzatzera eta kantatzera anima zaitezkete.
Datak: Asteazkenetik larunbatera urte osoan zehar.
Ibilaldiak zaldian
Errenteriako Aiako Harria Parke Naturalaren ingurunea ezagutzeko modurik erakargarriena Listorreta Hipikaren eskutik datorkigu. Jarduera hau adin guztietara egokituta dago, eta txikienentzat poniak ere baditu. Zaldiketaren munduan hain adituak ez direnentzat ekitazio-ikastaroak daude.
Datak: urte osoan zehar.
Haurrentzako Paintball-a, Splatmaster
Splatmaster esperientzia paregabea da, txikienentzat bereziki diseinatutakoa. Beste paintball modalitateak ez bezala, splatmaster 8 urtetik gorako haurrentzat egokituta dago eta baita euren gurasoentzat ere. Bere ezaugarriak direla eta, familian egun dibertigarria pasatzeko jarduera aproposa da, urtebetetzeetarako zein beste edozein ospakizunerako. Edozein momentuan haurrak primeran pasatzen ikusiko ditugu jarduera berri eta esklusibo honi esker. Gaur egun, Euskal Herrian jarduera hau eskaintzen duen enpresa bakarra Errenterian aurkitzen da, Paintball Jaizkiball.
Datak: urte osoan zehar.
Aiako Harria Natura Parkean bisita gidatuak
Uda honetan, gazteenek ere Aiako Harria Natura Parkea hobeto ezagutzeko aukera izango dute, bertako Listorreta eta Barrengoloia guneetan eskainiko diren bisita gidatuei esker. Bisita hauek adin guztietarako pentsatuak daude eta euskaraz zein gazteleraz egin ahal izango dira. Guztira lau bisita mota daude: Aitzpitarteko haitzuloetako aztarna paleolitikoak, Añarbeko erreserba eremua, Malbazarko hezegunea (anfibioen bizigunea) eta nobedade bezala, Lau Haizeta Parkea eta San Marko Gotorlekua.
Datak: ekainaren 7tik abuztuaren 31 bitartean.

