Identitateak beti izaten dira konplexuak. Oarsoaldeak berea dauka, askotarikoa, beste guztien moduan. Identitate batek bi dimentsio ditu: gure artean elkartzen gaituena eta besteengandik bereizten gaituena jasotzen ditu. Bi dimentsio horiek bat egiten dute, gauza bera dira, marka baten baitan. Marka on baten lana hori besterik ez baita, nortasun bat, izateko modu bat lerro eta irudi gutxi batzuetara ekartzea, garen hori hobeto kontatu ahal izateko. Gure kasuan lau herrik, eta herri bakoitzean auzo, etxe eta txoko ugarik, batera osatzen dugun hori da gure identitate eta marka.
“Hemen” Oarsoaldeako herritarrekin batera eraikitako marka da, beraiek esandakoetatik eta erakutsitakoetatik sortua. Horretarako, herritarrekin eta eragileekin luze aritu gara Oarsoaldeaz hizketan, bakoitzak eskualdeaz duen irudiaz, gure kontakizun bateratua eraikitzeko. Aurkitu dugu asko dugula komunean, asko dela elkartzen gaituena, espazio geografiko bat baino askoz ere gehiago. Historia batek elkartzen gaitu; kultura batek; itsaso batek eta mendiz inguratutako ibai batek; langile izaerak; herriek eta auzoek; gure bizinahiak eta gure energiak.
Honela, “Hemen” mugimenduan dagoen Oarsoaldea horren aldarrikapena da. Eskaintzeko asko daukana, eta den bezalakoa agertu nahi duena ezagutu eta bisitatu nahi gaituenarentzat. Guretzat, ohore bat da zuk, bisitari horrek, gure eskualdea ezagutu nahi izatea. Horregatik saiatu gara hemen gaudenok garen bezalako agertzen, garen bezalako kontatzen geure burua, hemen dagoenaren eta dugunaren parte zu ere izan zaitezen.
Oarsoaldean asko dago ikusteko eta egiteko: San Marko Gotorlekua, Albaola, Fanderiako Errota, Aiako Harria Parke Naturala eta Arditurriko minak, Errenteriako hiribildua, Herri musikaren txokoa, Donibaneko kalea eta Lezoko plaza, beste hainbeste gauzaren artean. Badago non jana eta non gozatua gure festa, arte eta kulturarekin. Gure kirola eta euskara bizi ditzakezu. Zure modura eta zure erritmoan. Gu Hemen gaude: nahi duzunean etorri, eta eraman zurekin Oarsoaldearen zati bat, zure bizipenetan betiko gordetzeko.

